ZER DA ALTXAPORRU? // gorkasasieta@gmail.com // 619689884 // Itsaso, Gipuzkoa

miércoles, 26 de marzo de 2014

Ahabiekin esperimentatzen


 Aspaldi esan ziguten Iparraldean, Kanbon, bazela paraje ikusgarri bat, non uztaila hasieran ahabiak bil zitezkeen. Guk 2011n joateko aukera izan genuen eta asteburua bertan pasa. Horrela ezagutu genuen Kanadatik ekarritako 2000 ahabi  landare galant, fruituz beteak. Orduantxe ekologikoranzko transizioan zeuden.

 Asteburutan, fruta biltzeko moduan dagoen bitartean, jende andana joaten da bertara. Otarra ematen dizute eta lepoan zitzilikatzeko potea, bete ahala husteko.
 Eta bildutakoa pisatu eta kiloko 4 euro ordaindu genuen garai hartan. Lurrean dagoen saskikada hori bildu genuen eta behin etxean mermelada egin eta baita freskoan jan ere.

 Eta iaz hasi ginen, geurean ere esperimentatu behar genuela eta, bost barietateekin. Batzuk goizekoak dira, uztailean emango dutenak, eta besteak berantiarragoak, abuztuan edo biltzekoak.
 Landare ekologikoak erosi genituen, Blas-eneatik, eta etiketatuta ditugu zein mota egokitzen den ikusteko. Berroigeita hamar landarerekin frogatuko dugu, gerta baitaiteke hemengo lurra egokia ez izatea, oso azidoa behar baitu.

Horregatik, landaketa egin ondoren, pinu-orrien konposta edo pago-horbelarekin akoltxatu ditugu.

Fruitu gorriak osatzen: franbuesak

 Urteagan orain 20 urte jarri genuen lehen franbuesa landarea, etxe azpialdean, harmaila ondoan. Eta harrez geroztik oihana bezalaxe zabaltzen joan da, baratzara eta inguruetako txokoetan ere landare berriak emanez. Ahal genuen bezala etxerako bildu eta gozatzen genuen.
Baina ez genekien nola jarri eroso  eta zutik eusteko, tartean ibili eta bildu ahal izateko, eta Biolurrek orain bi urte ikastaro bat antolatu zuenean hara joan ginen zuzenean.

 Bertan ikasi genuen zein egitura mota zeuden eta horrela sortu genuen lau iladatako eremu berritua. Urtero eman duen adarra ihartu egiten da eta kimu berria jaio. Bata kendu eta bestea lotu, hori da kontua.
 Eta aurtengo neguan sail berri bat prestatu dugu, orain arte belardi zena, nahiz orain 40 urtera arte soro bezala landu zuten. Franbuesaz gain, beste fruitu gorri batzuk ere tartekatu ditugu, eta baita barazkiak ere. "Policultivo" ereduaren jarraitzaile gara: http://www.agroforesterie.fr/
 Esan bezala, franbuesa oso emankorra da, basherri taldeko hainbat ekoizleri landareak eman dizkiegu eta beste ilada luze bat sortzeko aukera ere eman digute aurtengo kimu berriek.



Neguko lanak

Neguan, udan baino gutxiago, baina izaten da lana baratzan... aurten esaterako negutegiko plastiko zati bat puskatu digu haizeteak

Plastikoa bi alboetan lurpean sartzen da, beraz zanga egin beharra dago, plastiko zaharra libratu eta berria sartzeko.
Behin plastikoa kokatuta, berriz zuloa lurrarekin estali eta kitto, berriz puskatu arte... (6-8



urtean behin puskatzen da bataz-beste...)
Urkulegi etxe-azpiko baratzan, orkatzak ez sartzeko plastikozko sarea geneukan jarrita duela bi urte pasatxotik, ia nahiko hondatuta zegoen, eta aurten hesi finkoagoa ipintzea erabaki degu, alanbrezko sarearekin. Baratzan bertan ikusten diren ilarak ilarrak dira, ea biltzeko moduan garen maiatzerako!


Eta nola ez, udaberrirako lurra prestatzen hasi, argazki hauetan goiko soroa goldatzen..