ZER DA ALTXAPORRU? // gorkasasieta@gmail.com // 619689884 // Itsaso, Gipuzkoa

domingo, 3 de mayo de 2015

"Esparrago triguero"-ak

Iaz jakin genuen Asteasuko lagun batzuei esker, inguru hauetan ere ondo ematen dela esparrago edo zainzuria, eta gurean ere probatzea pentsatu genuen. Orain urtebete, 2014ko apirilean landatu genituen baratzan. Landaketa iraunkorra da, behin landatuta urtero ematen du toki berean, udaberrian (10 urtetan bai, gutxienez). Lehenengo lana, sokarekin markatu eta erretena egitea izan zen, ilaran sustraiak sartzeko, "zarpak". Horrelako 200 zarpa inguru landatu genituen, 40 metroko bi ilaratan, 30 zm inguru lurperatuta.

 Aste batzuk barru hasi ziren landareak ernetzen, baina lehenengo urtean ez dira moztu behar, sustraiak ondo garatu daitezen. Neguan landareak bere kasa ihartzen dira, eta moztu eta kendu egin behar dira udaberrirako.
 Eta urtebete ondoren, hasi dira esparragoak ateratzen, eta saskietan sartzeko moduan gara! 3-4 egunetik behin moztu behar dira, erabat ireki aurretik, eta hozkailuan jasotzen ditugu saskietan denoi jartzeko adina izan arte.

 Guk berdetan bilduko ditugu, baina lurrarekin edo plastiko beltzarekin estaliko bagenitu, eta egunero bildu,  zuriak izango lirateke (lurretik atera eta eguzkiak ematen dienean berdetzen dira). Gainera, zuriak sukaldean prestatzen ere lan gehiago dute, zuritu eta egosi egin behar direlako, eta berdeak zuzenean prejituta edo labean presta litezke.
Oso gustora gaude emaitzarekin, ez genekielako hemen landatu zitekeenik, eta oso goxoak daude gainera! Hemendik ekainera bitarte jasoko ditugu, beraz oso ondo dator udako barazkiak hasi aurretik saskiak osatzeko ere. On egin!!

lunes, 6 de octubre de 2014

Baserrira bisita

Larunbat goizean, hilak 4,  Itsason izan ginen Altxaporru! taldeko kide batzuk, lehenik Urkulegi baserrian eta ondoren Urteagaren inguruan. Lehendabizi Gorkak erakutsi zizkigun negutegiko barazkiak zertan diren, piper eta tomateak batik bat. Ondoren indabak biltzen ere aritu ginen puska batean, baita zainzurien hazte prozesua nolakoa izaten den ikusten ere, beste landaketa asko ikusteaz gain. Kalabazak adibidez, elegante askoak datoz. Amaieran gainera, etxean egindako txorixoa, irasagarra, zukua, hurrak eta abarrekin bapo egin genuen.

Hemen uzten dizkizuegu argazki batzuk.









miércoles, 26 de marzo de 2014

Ahabiekin esperimentatzen


 Aspaldi esan ziguten Iparraldean, Kanbon, bazela paraje ikusgarri bat, non uztaila hasieran ahabiak bil zitezkeen. Guk 2011n joateko aukera izan genuen eta asteburua bertan pasa. Horrela ezagutu genuen Kanadatik ekarritako 2000 ahabi  landare galant, fruituz beteak. Orduantxe ekologikoranzko transizioan zeuden.

 Asteburutan, fruta biltzeko moduan dagoen bitartean, jende andana joaten da bertara. Otarra ematen dizute eta lepoan zitzilikatzeko potea, bete ahala husteko.
 Eta bildutakoa pisatu eta kiloko 4 euro ordaindu genuen garai hartan. Lurrean dagoen saskikada hori bildu genuen eta behin etxean mermelada egin eta baita freskoan jan ere.

 Eta iaz hasi ginen, geurean ere esperimentatu behar genuela eta, bost barietateekin. Batzuk goizekoak dira, uztailean emango dutenak, eta besteak berantiarragoak, abuztuan edo biltzekoak.
 Landare ekologikoak erosi genituen, Blas-eneatik, eta etiketatuta ditugu zein mota egokitzen den ikusteko. Berroigeita hamar landarerekin frogatuko dugu, gerta baitaiteke hemengo lurra egokia ez izatea, oso azidoa behar baitu.

Horregatik, landaketa egin ondoren, pinu-orrien konposta edo pago-horbelarekin akoltxatu ditugu.

Fruitu gorriak osatzen: franbuesak

 Urteagan orain 20 urte jarri genuen lehen franbuesa landarea, etxe azpialdean, harmaila ondoan. Eta harrez geroztik oihana bezalaxe zabaltzen joan da, baratzara eta inguruetako txokoetan ere landare berriak emanez. Ahal genuen bezala etxerako bildu eta gozatzen genuen.
Baina ez genekien nola jarri eroso  eta zutik eusteko, tartean ibili eta bildu ahal izateko, eta Biolurrek orain bi urte ikastaro bat antolatu zuenean hara joan ginen zuzenean.

 Bertan ikasi genuen zein egitura mota zeuden eta horrela sortu genuen lau iladatako eremu berritua. Urtero eman duen adarra ihartu egiten da eta kimu berria jaio. Bata kendu eta bestea lotu, hori da kontua.
 Eta aurtengo neguan sail berri bat prestatu dugu, orain arte belardi zena, nahiz orain 40 urtera arte soro bezala landu zuten. Franbuesaz gain, beste fruitu gorri batzuk ere tartekatu ditugu, eta baita barazkiak ere. "Policultivo" ereduaren jarraitzaile gara: http://www.agroforesterie.fr/
 Esan bezala, franbuesa oso emankorra da, basherri taldeko hainbat ekoizleri landareak eman dizkiegu eta beste ilada luze bat sortzeko aukera ere eman digute aurtengo kimu berriek.



Neguko lanak

Neguan, udan baino gutxiago, baina izaten da lana baratzan... aurten esaterako negutegiko plastiko zati bat puskatu digu haizeteak

Plastikoa bi alboetan lurpean sartzen da, beraz zanga egin beharra dago, plastiko zaharra libratu eta berria sartzeko.
Behin plastikoa kokatuta, berriz zuloa lurrarekin estali eta kitto, berriz puskatu arte... (6-8



urtean behin puskatzen da bataz-beste...)
Urkulegi etxe-azpiko baratzan, orkatzak ez sartzeko plastikozko sarea geneukan jarrita duela bi urte pasatxotik, ia nahiko hondatuta zegoen, eta aurten hesi finkoagoa ipintzea erabaki degu, alanbrezko sarearekin. Baratzan bertan ikusten diren ilarak ilarrak dira, ea biltzeko moduan garen maiatzerako!


Eta nola ez, udaberrirako lurra prestatzen hasi, argazki hauetan goiko soroa goldatzen..




domingo, 17 de noviembre de 2013

Hur xigortuak



Negu giroa heldu zaigu, eta baratzan lan egiteko girorik ez dagoenez, barruko lanetan ari gara.
Aditu batzuen arabera Urteaga izenak hur hitza du oinarrian  (Urretxuk bezala...), eta gurean behintzat horrelaxe gaude, hurritzez inguratuta.  
Udazken honetan ere uzta oparoa jaso dugu, eta betiko moduan kiloko poltsetan (4€/poltsa) eramateaz gain, poteetan jarri ditugu hurrak, zuritu eta labean xigortu ondoren. Gainontzeko apartekoekin batera eramango ditugu, pote bakoitza 2,5 € tan.
 

Hurrak bildu ondoren aste batzuetan egunez eguzkitan lehortzen dira, eta aurten urria oso egokia izan da lan horretarako. Ondo lehortutakoan has gaitezke txikitu eta zuritzen. Zurituta daudela labetik pasatzen ditugu, 200 gradutan 5-7 minututan.







 Labetik atera bezain pronto sartzen ditugu poteetan, horrela berotasunagatik lortzen da airerik gabe kontserbatzea potean.




lunes, 7 de octubre de 2013

Atxikoria eta kalabaza potimarroia

 Baratzari dagokionez hasi gara udazkeneko produktuekin, eta atxikoria horietako bat.  Atxikoriak trapuzko soka batzuekin lotuta edukitzen ditugu 10 edo 15 egunez. Horrela barrukaldeko hostoak horitu egiten zaizkie eta bigunagoak geratzen dira entsaladan jateko. Beste errezeta aukera asko ere ematen ditu landara honek, geure blog-ean bertan Aitorrek ipinitako "Porru eta atxikoria flana", esaterako (Errezetetan sartu, "Porrua" atalean). Bestetik "La fertilidad de la tierra" aldizkarian topatu dugu artikulu interesgarri hau barazki honi buruz:




 Aste honetako beste nobedadea kalabaza potimarroia izan da. Beste blog honetan dituzue errezeta bat eta dituen propietateak:

http://cocinasinmiedo.blogspot.com.es/2010/10/tortilla-de-calabaza-potimarron.html





              On egin!!