Joan den abenduaren 3an Agerren izan ginen bisitan, eta hemen dituzue orduan ateratako argazki batzuk.
Baserriaren atzeko aldean dago ikuilua. Behiak lotu gabe daude, eta jana aurrekaldeko ilaran jartzen zaie. Erdian berriz etzateko tokiak dauzkate, lurra baino altuxeago, eta aurreraka bakarrik sartu litezke. Horrela etzateko lekuan ez dute ximaurrik egiten, eta beti garbi eta lehor daukate etzateko lekua. Lurra parrillazkoa da, eta ximaurra azpiko kanal batera erortzen da, eta hortik depositu batera doa. Ondoren, ongarri bezala erabiltzen da ximaur hau, baserriko zelaietan.
Jana egunean behin banatzen zaie, eta oinarria etxeko belarrarekin egindako siloa da. Udaberrian belar berdea jasotzen da, pilatu, ondo zapaldu eta plastikoz estaltzen da fermentatu eta negura arte kontserbatzeko. Razioa behi bakoitzeko 25 kilo silo, 5 kilo pentsu, eta alpapa eta lasto pixka batekin osatzen da. Udan larrean aritzen dira behiak, baina neguan ikuilu barruan egoten dira, zelaietan belarra oso motza delako, eta giroa bustia denean hankekin zelaiak hondatuko lituzketelako.
Behi bakoitzak txip bat dauka lepoan, eta esne asko ematen ari direnei razio extra bat ematen zaie. Atzeko aldean dagoen jantokian sartzen dira, eta sensore batek zein behi sartu den detektatzen du, eta dagokion pentsu razio extra ematen dio. Albo batean berriz rodillo berde hau daukate, behi bat rodilloaren kontra jartzen denean jiratzen hasten da, eta horrela hazka egiten dute.
Hau egun bateko txahala da. Bigaia da eta Frisiar arrazakoa, beraz etxean haziko da, behietarako.
Ardiak ez dute zelaia hondatzen, eta belar motza hobeto aprobetxatzen dutelako, neguan larrean aritzen dira baserri ondoko zelaietan, eta uda partea berriz Irimoko magaletan pasatzen dute.
Hau baserriaren barrualdean dago, eta behiak jeisteko tokia da. Aldiko 10 behi ilaran jartzen dira eta esnea zuzenean doa esne biltegira. Hemen esne tankeetan esnea hozten da 4 gradutara, ondoren pasteurizatu (72 gradu arte berotzen da, eta azkar hoztu berriro), eta poltsetan sartzen da azkenengo makinarekin.
Eta esnea prest dago kalean banatzeko.
Hemen daukazue Urretxu-Zumarragan Agerreko esnea izaten duten saltokien zerrenda. Inolaz ere, laster pasako dizuegu enkuestatxo bat, ea nortzuk zaudeten interesatuta esnea jasotzeko, eta eskaeraren arabera posible izango da astelehenetan banatzea, barazkiekin batera.
No hay comentarios:
Publicar un comentario