Nahiz eta oraindik negu betean gauden, ia hasita gaude udaberrirako barazkiak landatzen, eta segidan dituzue hauen argazki batzuk.
Lehenengo eskarola eta espinaka hauek negukoak dira, baina hemen jartzen dut, erakusteko orkatzei geroz eta gehiago gustatzen zaiela gure baratza...
Nahiz eta ganaduarentzako hari elektrikoa jarri baratzaren bueltan, orkatzak salto egin eta sartu egiten ziren barruan, eta horrela jarraitzerik ez zegoenez bi metroko sare batekin egin dugu hesia buelta guztian, eta lortu dugu berriz baratzan ez sartzea.
Lehen erabat jandako eskarolei ere buru berria ari zaie hazten...
Hemen ilarrak dauzkagu, 20 bat metroko hiru ilara.
Hemen gaur bertan ateratako argazkia (elur lapratx bat egin du goizean), ilarrei parrak eta sarea jartzen hasita. Orain orkatzentzako jarri dugun sarea berez ilarrei jartzeko erabiltzen dugu, landare igokaria delako.
Hemen baba landaretxoak, hauek ere ilaran, baina ez dute parrarik ez sarerik behar.
Baratzuriak,
Hauek ere baratzuriak dira, baina freskoan jateko. Ereiteko garaian baratzuri ale bat sartu beharrean, buru osoa sartzen da aldiko, eta horregatik hazten da landare mordoxka batera, finak eta berdetan jateko.
Tipula edo tipulina, udaberrikoa eta txuria
Eta azkenik azak, handienak negukoak dira, orain banatzen ari garenak, eta segidako txikiak udaberrikoak, maiatza inguruko otarretan izango direnak.
No hay comentarios:
Publicar un comentario