ZER DA ALTXAPORRU? // gorkasasieta@gmail.com // 619689884 // Itsaso, Gipuzkoa

martes, 10 de julio de 2012

Udako bisita baratzera

Pasa den igandean Urteaga eta Urkulegiko baratzak bisitatu genituen, eta goiz pasa polita egiteko aukera izan genuen Gorka eta Pilareren eskutik. Baratzak ez ezik, fruta arbolen egoera ere ikusi genuen eta baita kupeletan dagoen sagardoa probatu ere, beste hainbat gauzaren artean.

Lehendabizi, Urteagako baratza ikusi genuen. Letxugen itxura ederra zen, beharbada, sail honetako gauzarik deigarriena.



Kalabazinen bat edo beste mozteko parada ere izan zen.





Patata berria ateratzeko aukera izan genuen, eta kasualidadez-edo, zulatutako metro erdi karratua benetan emankorra gertatu zela esan behar: otarra betetzeko lain ale atera zuten taldeko txikienek.



Letxuga benetan ederrak.


Tipula andana goiko baratzan. Atzean, dagoeneko onenak emanda dagoen ilar saila.


Andere-mahatsak (grosella) baratzeko txabolaren hormaren babesean. Garratz xamarrak, baina jangarriak, nola ez!



Urteagako mintegi inprobisatuan, haziak nola egiten diren ikasi genuen. Gorkak esan zuenez, landare batzuk ez dira beti ondo ateratzen, baina hala ere arlo honetan ere urratsak ematen ari dira poliki-poliki, mintegira joan beharra gutxituz, ahal den neurrian behintzat.


Txikienek ederki pasa zuten lurrarekin jolasean, eta ondoren erremolatx haziak banatzen bandejaren zulo bakoitzean.



Aurretik egindako beste erremolatx bandeja bat.


Jarraian, Urteagako goiko kiwi sailera joan ginen, eta arbolak dagoeneko frutuak ematen ari direla ikusi genuen. Otsaileko podaketa saioa ez zen, beraz, alperrik izan. Gaitzerdi, bertan izan zirenek pasa zuten hotza gogoratuz...


Ahabiak (arandano) kiwi arbolak dauden eremutik gertu.


Urteagako oilategian, oiloa bere txitekin batera eta bestera.


Urteagatik Urkulegirako bidea, sagasti eder baten aldamenetik igarotzen da, eta San Juan sagarrak probatzeko aukera ere izan genuen. Aukeran garratz xamarrak oraindik, baina onak.



Erdibidean, indaba soroa bisitatu genuen. Indaba ez da, hala ere, sail honetan landatzen duten gauza bakarra. Denetik dago bertan: patata, kalabaza, porrua, piperrak, bainak, tipula, tomateak... Biziazada hartu eta jo eta ke lanean.





Poliki-poliki, Urkulegira bidean.




Behin Urkulegin, negutegia bisitatu eta segidan baratza.


Axular eta Axlor, Karobiko nagusiak, aranik goxoenak zeintzuk diren argi erakutsiz. Benetan goxoak, aranak.


Urkulegiko atarian dagoen labea, ogia egiteko erabiltzen dutena. Zer ez dute egiten hauek...


Urkulegiko baratzeko zenbait irudi jarraian.



Eta, nola ez, Urkulegiko upategira bisita. Enboteilatzeko falta zen kupeleko sagardoa gozoa zegoen, sagardotegietako sagardora ohituta gaudenontzat gozoegia (hau inongo aditiborik gabekoa, eta ezberdina), baina ez ginen tragorik jo gabe geratu, ez...


Txooootx!!!!


Eta goiza behar bezala bukatzeko, zer hoberik hamaiketakoa egitea baino! Etxean egindako ogia, patea, txorizoa, gazta, menbrilloa...


Eta hauxe izan da guztia. Goiz pasa polita egin genuen, gure otarrak nondik betetzen diren bertatik-bertara ezagutu eta, lan askorik egin ez genuen arren, Gorkak badaki beharra izanez gero esku bat (edo biak) botatzeko prest gaudela. Arantxak behintzat argi utzi zuen bainak biltzera joateko gogoz dagoela...

No hay comentarios:

Publicar un comentario