ZER DA ALTXAPORRU? // gorkasasieta@gmail.com // 619689884 // Itsaso, Gipuzkoa

jueves, 26 de abril de 2012

Udaberri hotza eta euritsua



Aurtengo udaberri hau oso euritsua doa, eta hori ona da lurrarentzat, batez ere udazkena eta negua nahikoa lehorrak izan direlako, baina hotza ere izan da, eta eguzki gosez daukagu baratza. Pentsatuta geneukana baino beranduago datoz ilarrak, babak, kanpoko letxugak etab... Baina etorriko da giro goxoagoa ere, eta pazientzia izan behar!...Hemen dituzue lehenik Urkulegiko baratzetan ateratako argazki batzuk. Ilarrak loretan,                                                                                                                                                                                              

















Ondoko hiru ilara hauetan ere ilarra daukagu. Hauek otsailean erein genituen (besteak azaroan), eta horregatik daude txikiagoak eta oraindik lorarik gabe.




 Hemen azalore ilara, aste honetan otarretan sartu ditugunak,

 Udaberriko tipula deitzen dioguna, datorren astean hasiko gara otarretan sartzen,

 Hauxe da aurtengo azken porru saila. Gainontzeko sailak bukatu ditugu eta datorren astean sail honetakoak hasiko gara sartzen otarretan. Belar dexente dauka tartean, baina porrua nahikoa hazita dagoenez ez dio kalterik egiten, eta gainera lurra oso lokaztua dagoelako ez da komeni porru tartean ibiltzerik.

 Hau tipula gorria da, martxoan landatu genuen, eta abuztu aldera jasoko dugu, dena batera eta ganbaran gorde, udazken-neguan banatzeko.Azpikaldean ikusten diren arbolak sagarrondoak dira, lore txuriz beteta.
 Hemen negutegi barruko letxugak (berdeak eta moreak), espinakak eta azelgak.
 Hazitegi txiki honetan tomate landarea daukagu, sarearekin tapatuta, bestela txoriak eta etxeko katuak hondatu egiten dituztelako.

 




Hau madari edo udareondoa da
 eta ikusten den bezela, honi ere ez zaio gehiegi gustatu horrenbeste euri...

 Hau Goiko soroa da. Orain arte indaba egin dugu gehienbat soro honetan, baina orain indaba 1000 metro karratutan egingo dugu, eta gainontzeko 2500 metrotan baratza (kalabazak, patata, tipula, piperrak, tomatea, etab...)
 Hemen soroaren eskinan baratxuri freskoak, orain banatzen ari garenak.
 Eta udaberriko azak. Hauek aste batzuk barru sartuko ditugu otarretan.
 Eta azkenik Urteagako baratza. Eskuinaldean udaberriko tipula eta ezkerrean porru berria.
 Beste hauek Ruibarboak dira. Orain arte ez genuen ezagutzen, baina negu honetan lortu dugu landarea, eta probatzeko ipini dugu. Mermelada egiteko erabiltzen da, eta oso berezia da.
 Hemen rabanito txikiak, oraintxe ernetzen,
 Handixeagoak ilaran,
 Hemen porru landarea, finak eta luzexkak (inguruko batzuk belarrak dira).
Hauek azelga gorriak. Joan den abuztuan landatutakoak. Neguan ez dira asko hazi, baina hortxe egon dira udaberriaren zai. Orain pixkat ari dira hazten, eta sartuko ditugu otarretan laster. Halere asko ez, zeren laster beraien ziklo naturalari jarraituz, garatu eta lorea aterako dute..
 Hemen kanpoan landatutako lehenengo letxugak, eguzki zai...
 Hauek frambuesak dira (mugurdiak euskeraz)
 Baratzaren iskina honetan ximaurra edukitzen dugu zahartzen, gutxienez urtebete. Oraintxe daukaguna oraindik berria da, eta fermentatzen ari denez beroa ematen du. "Cama caliente" deitzen duten teknika, bero hau aprobetxatzean datza, eta negutegi itxuran plastikoa ere jartzen zaio, landaretxoentzat giro goxoa lortzeko. Landare batzuk erosi egin behar izaten ditugu (tipula, letxugak, piperrak, etab...). Nahiz eta mintegi ekologikotan erosi (Gipuzkoan bakarra dago, Zarauzko Blas-enea, eta Nafarroako Peraltatik ere ekartzen dugu), interesgarriena norberak haziak jaso eta landarea ateratzean datza, eta ari gara gure probatxoak egiten.


 Bandejatan erremolatxa,
 eta espinaka.



No hay comentarios:

Publicar un comentario